Aurreko edizioetan bezala, antolatzaileak, epaileak eta ikusleak ahobete hortz utzi zituzten gazteek joan den larunbatean Bermeon egin zen KAMERATOIA ‘09n. Lehiakideek hamar orduko epea zuten (goizeko bederatzietatik arratsaldeko zazpiak arte) gai hori eta ondoko zerrendan agertzen diren ezaugarrietako lau gutxienez hartuta, gehienez hiru minutuko iraupena izan zezakeen bideoa sortzeko.
Guztira, 115 gazte bildu ziren KAMERATOIAn parte hartzeko, 20 taldetan banatuta. Taldeak Hego Euskal Herri osotik etorri ziren: 12 Bizkaitik (haietatik 3 Bermeotik), 6 Gipuzkoatik, eta beste bana Araba eta Nafarroatik.
Hamar orduko epea ez da erraza betetzen, eta azkenean, taldeetako bostek ezin izan zuten lana entregatu, denbora falta edota arazo teknikoak tarteko. Hala ere, giroa ezin hobea izan zen egun osoan zehar, eta bereziki gaueko bederatzietatik aurrera Nestor Basterretxea Aretoan egin zen proiekzioan eta osteko sari banaketan. Epaileek nabarmendu zutenez, lan guzti-guztiek erakutsi zuten maila tekniko eta sortzaile handia, eta esan gabe doa sekulako meritua dutela egindako lan guztiek, lehiaketan sartu ala ez. Dena den, sariak hiru talderi eman behar zitzaizkien, eta hauek izan ziren aukeratutakoak:
3. SARIA (900 euro) “Joselontxo”
izeneko lana, Lelokeri Films taldearena. Herriko
sasi-Casanovaren gorabejerak kontatzen ditu bideoak, umorezko tonoan. 2. SARIA (1.200 euro) “Neguko hitzak” izeneko lana, Nafarroa aldetik etorri zen Epalzaren Alargunak taldearena. Guztiz bestelako tonoan, Bermeoko zoro etxetik atera berri den neskato baten gorabeherak ikus daitezke bideoan. 1. SARIA (1.500 euro) “Nireak dira!”, Blakandeker taldearena. Bermeon arroparekin gertatzen den fenomeno bitxi bat azaltzen du bideoak, oraingoan ere umoreari helduta.
Antolakuntzatik, eskerrak eman nahi dizkiegu Bermeora hurbildu ziren talde guztiei, eta zorionak egindako lanagatik zein egun osoan herrian sortu zuten giroagatik. Hurrengoan espero zaituztegu!!!
|


